Bakterioak gaitzak sortzen dituztelako dira ezagunak batez ere, udan denon ahotan ibiltzen den Salmonella eta Iruñean hainbeste buruhauste ekarri dituen Legionella, adibidez. Baina bakterio gehienek ez dute gaitzik eragiten; alderantziz, gorputzean ditugun bakterio gehienak behar-beharrezkoak ditugu bizitzarako. Pentsa, jaiotzen garen unean bertan hasten dira bakterioak gure gorputza kolonizatzen.
Haurra erditzearen unetik bertatik hasten da bakterioak jasotzen, esan bezala, eta urtebeterako heldu baten antzeko bakterio-koloniak omen ditu.
Haurdunaldian, haurra ingurune esteril batean dago, umetokian, hain zuzen ere. Baina erditzean, bakterioak jasotzen hasten da, amarengandik batez ere. Lehenengo kontaktua amaren baginako bakterioekin izaten du, bakterio horiek azalean itsasten zaizkio eta irentsi ere egiten ditu amaren gorputzetik kanporako bidean; eta, behin kanpoan, airean daudenak, amaren azalekoak, bularreko esnekoak eta abar jasotzen ditu —eta ez bakarrik amarenak, besteak beste, haurra laztantzera gerturatzen diren guztienak ere hartzen ditu—. Horrela, denbora gutxian bakterioek gorputz berria kolonizatua dute.
Bakterio-kolonia horiek babes-hesi bat izango dira beste bakterio eta mikroorganismo batzuen aurrean. Nolabait esateko, ez diete lekurik utziko beste bakterioei. Pentsa, hesteetan bakarrik 1,2 kilogramo bakterio inguru omen dauzka gutako bakoitzak. Hesteetako flora deitzen den hori oso ugaria da, beraz.
Hesteetako florak hainbat bizi-funtziotan laguntzen du: landare-azukre batzuen digestioan laguntzen du, bitamina batzuk ekoizten ditu (K bitamina, esate baterako) eta immunitate-sistema sustatzen du. Beraz, hesteetako bakterioak behar-beharrezkoak ditugu bizitzeko.
Bakterio horiek gizakiarekin batera eboluzionatu dute, giza gorputzean bizitzeko egokituta daude (azalean eta hesteetan gehienbat). Ezagunenak laktobaziloak eta bifidobakterioak dira, baina askoz gehiago ere badira: gizakiarekin harreman estuan bizi diren milatik gora bakterio-espezie omen daude. Hori bai, banako bakoitzak ehun espezie inguru dituela uste da; beraz, bakoitzak bere bakterio-konbinazioa du, eta ez dauka zertan aldamenekoaren berdina izan.
Bakterioak gutako bakoitzaren hatz-marken antzekoak dira, beraz. Eta gurekin lotura estu-estuan bizi dira. Tamalez, bizitzarako halako garrantzia duten arren, orain artean arreta gutxi jarri izan zaie gaixotasunik eragiten ez duten bakterioei. Dena dela, hori aldatzekotan dagoela dirudi, bakterioekin lotutako ikerketak ugaritzen ari baitira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario