Barre egitea atsegina da, ondo sentiarazten du: gorputza lasaitzen du eta gogoa argitu. Hori bakarrik nahikoa da esateko osasunerako ona dela barrea. Baina barrearen eragina plazera eta ondo sentitzea baino urrunago doa. Izan ere, bihotzekoa edo infartua izateko arriskua gutxitzen duela ikusi da.
Lehenengo frogak enpirikoak izan ziren; hau da, behaketan oinarritu ziren. Datuak bilduta, ikusi zuten barregehien egiten zutenek bihotzeko gaitz gutxiago izaten zutela. Duela bost bat urte izan zen hori, eta, ordudanik, barrea eta bihotzeko gaitzak lotzen dituen ikerketak indarra hartu du.
Beraz, barrearen eta bihotzeko gaitzen artean lotura egon zitekeela ikusi zen, eta horrek ikertzaileen jakin-mina zirikatu zuen. Hala, gorputz barruan barrea eta bihotza lotzen dituen mekanismoa zein den jakin nahian dabiltza. Hau da, barreak zer eragin fisiologiko dituen jakin nahi da zehatz, zer mekanismo gertatzen diren osasunari halako onurak ekartzeko.
Bide horretatik, argitaratu berri den ikerketa batek lehenengo pausoa eman du lotura horren zergatia argitzeko bidean. Ikerketa horren arabera, barre egindakoan odol-hodiak errazago itzultzen dira bere onera estualdi bat pasatakoan baino. Kontuan izan behar da bihotzeko gaitz askoren oinarrian odol-hodien endekapena dagoela: malgutasuna galdu eta zurrunago egiten diren neurrian, bihotzak lan gehiago egin behar du odola gorputz osora banatzeko, eta hortik datoz arazoak.
Tabakoa erretzeak eta janari koipetsuak jateak odol-hodiak gogortu egiten ditu, besteak beste; horregatik dira bihotzeko gaitzen eragile nagusiak tabakoa eta dieta koipetsua. Horiekin batera, noski, badira beste eragile batzuk kontrolatzen zailagoak direnak, hala nola, zahartzaroa bera. Dena dela, odol-hodiak gazte eta osasuntsu mantentzea beharrezkoa da bihotzeko gaitzak izateko arriskua murrizteko.
Bada, esan bezala, barre-algarek odol-hodiak osasuntsu mantentzen dituzte. Saio hau eginda ikusi dute lotura hori: besoko arterien diametroa neurtu dute ultrasoinuen tresna baten bidez. Arterien diametroa txikitu egiten da bihotz-taupadak azkartzen direnean, hala nola, kirola egitean, barre egitean zein beldurrak edo estresak jota egondakoan. Horrela, odola azkar heltzen da gorputzeko muskulu guztietara.
Ezohiko egoera hori amaitutakoan, gorputza lasaitu egiten da, eta arteriak bere onera etortzen dira. Odol-hodiek ohiko diametrora itzultzeko duten gaitasuna zirkulazio-aparatuaren osasunaren adierazlea da. Hori dela eta, hainbat egoeraren ondoren besoko arteriak bere onera etortzeko behar duen denbora neurtu dute.
Barre egitea eta barre eginaraztea hain da atsegina!
ResponderEliminar